Al Andalus: Ekonomia, Gizartea, Hiriak eta Ondare Kulturala

Clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,82 KB

Ekonomia Aberatsa

Al Andalusko biztanle gehienak nekazaritzan aritzen ziren. Labore garrantzitsuenek zerealak, mahatsondoa eta olibondoa izaten jarraitu zuten.

Ureztatzeko teknikak garatu zituzten, eta horri esker, ekoizpenak gora egin zuen. Labore berriak ere sartu zituzten:

  • Kotoia
  • Azukre-kanabera
  • Indigoa

Hirietan, kalitate handiko eskulangintza garatu zuten: zeramika, larrugintza, etab. Al Andalus merkataritza biziko gunea izan zen. Produktuak munduko beste eskualde batzuetan saltzen ziren, eta haien truke, esklaboak eta urrea ekartzen zituzten.

Gizarte Heterogenoa

Konkistaren ondoren, musulmanak kristauekin eta juduekin toleranteak izan ziren hasieran, eta bi talde horiek Al Andalusen bizitzen jarraitu zuten. Talde boteretsuena konkistatzaileek eta haien ondorengoek osatzen zuten: arabiarrek eta berbereek. Baina talde horren barnean alde handiak zeuden:

  • Arabiarrek lurralde onenak eta gobernuko karguak beretzat hartu zituzten.
  • Berbereak gehiago ziren, baina ez zuten halako etekinik lortu. Zenbaitetan matxinatu egin ziren.
  • Muladiak Islamaren erlijioa, hizkuntza eta ohiturak bereganatu zituzten lehengo kristauak ziren.
  • Mozarabiarrak beren erlijio kristaua praktikatzen jarraitu zutenak ziren. Zergak ordaintzen zituzten. IX. mendetik aurrera, askok iparraldeko erresuma kristauetara emigratu zuten.
  • Juduak gutxiengo bat ziren, baina oso aktiboak, batez ere ekonomia-jardueretan. Gainerako herritarrengandik bereizitako auzoetan (judutegietan) bizi ziren.

Hiriko Gizartea

Al Andalusko biztanle gehienak landa eremuan bizi arren, hiriek garrantzi handia zuten, ekonomiaren, erlijioaren eta kulturaren guneak baitziren. Oso hiri handiak eta jendetsuak izatera iritsi ziren.

Islameko hiriak harresiz inguratuta zeuden. Hiriaren bihotza medina edo hiri zaharra zen. Bertako eraikin garrantzitsuena meskita nagusia (aljama) zen. Kaleak estuak eta irregularrak ziren. Medinaren inguruan errebalak edo auzo berriak sortu ziren.

Bizitza politikoaren gunea alkazarra zen. Gotorleku hau hiriaren goiko aldean egon ohi zen, eta bertan agintariak eta funtzionarioak bizi ziren.

Bizitza soziala eta ekonomikoa zokoaren edo azokaren inguruan antolatzen zen.

Kultura Ondarea

Al Andalusen kultura bikaina garatu zen, X. mendetik aurrera bereziki goren unea izan zuena. Al Andalusen ondarea oso sakona da gureganaino iritsi diren hainbat arlotan.

Arkitektura

Arteak ere garapen bikaina izan zuen, arkitekturak batez ere. Pintura eta eskultura eraikin ederrak dekoratzeko erabili ziren batez ere.

Ezaugarri Nagusiak:

  • Material pobreak eta iraupen txikikoak erabiltzen zituzten (adreiluak, igeltsua, zura), baina material horiek dekorazio oparo eta oso ederrez estaltzen zituztenez, aberastasun handiko itxura lortzen zuten.
  • Islamak ez duenez animalien eta pertsonen irudirik egiten uzten (anikonismoa), motibo geometrikoak (izeria) eta begetalak (ataurike) erabiltzen zituzten dekoratzeko.
  • Beste dekorazio mota bat kaligrafia zen: hormak Koraneko testuez, poemez eta goraipamenez estaltzen zituzten.
  • Ura oso atsegin zutenez, iturriak, urmaelak eta alberkak eraikinen parte garrantzitsu ziren, freskotasuna eta edertasuna emanez.
  • Eraikin musulmanei eusteko zutabeak, pilareak eta zenbait arku mota erabili zituzten, bereziki ferra-arkua eta arku polilobulatua.
  • Eraikinak estaltzeko sabai lauak eta zurezkoak erabiltzen zituzten maiz, baita kupula aberats eta ongi dekoratuak ere.

Entradas relacionadas: