Erromanikoa eta Gotikoa: Artearen Bilakaera

Clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,75 KB

Eskultura Gotikoa

Ezaugarri Orokorrak

Gaiak

Gai erlijiosoak dira ugarienak. Portadetako tinpanoetan, Azken Epaia, Kristoren Pasioa, Ama Birjinaren eta Santuen bizitzaren pasarteak bezalakoak agertuko dira.

Tipologiak

Eskultura monumentala edo arkitektonikoaz gain, erretaula eskultorikoak agertuko dira. Debozio irudi exentuak jarraituko dute: Gurutziltzatzea (baina orain Kristoren sufrimendua adierazten delarik) eta Ama Birjina umearekin bezalakoak. Azkenik, hilobi-monumentuak (hilobien garrantzia) eta koruko aulkiteriak areagotuko dira.

Estetika

Eskultura naturalista da, zerbait idealizatua; geometrizazioa, hieratismoa eta proportzionaltasun eza, erromanikoaren ezaugarriak zirenak, desagertzen dira. Sentimenduak agertzen dira, mina, plazerra, etab., artistak ikuslearen zirrara bilatzen baitu.

Funtzioa

Erlijiosoa eta didaktikoa izango da.

Adibideak

Lehenengo eskultura adibideak Frantzian agertu ziren. Nabarmentzekoak dira: Chartres-eko Notre Dame eta Reims-eko katedralekoak.

Pintura Gotikoa

Ezaugarri Orokorrak

Teknika

Beirateek hormak ordezkatu zituztenez, horma pintura gutxitu zen, eta ohol gaineko pintura nagusitu. Teknika erabiliena tenplea izan zen. Teknika honetan arrautza edo kola erabiltzen da pigmentuak elkartzeko. Pintzel finak erabiliz, formak ondo definitzeaz gain, detaile txikiak plasmatzea lortu zuten. Koloreak azkar lehortu, eta bizitasuna eta distira mantentzen dute. Erabiltzen den beste teknika olio-pintura da; olioak erabiltzen dira kasu honetan aglutinatzaile bezala. Denbora gehiago behar du lehortzeko, baina zuzenketak egitea ahalbidetzen du. Aipaturiko ohol hauekin, denboran tamaina eta garrantzian irabazten joango diren erretaulak osatzen dituzte. Miniaturek ere garrantzi handia izan zuten.

Gaiak

Pinturak erlijiosoa izaten jarraitzen du funtsean. Irudiak gero eta naturalistagoak eta errealistagoak dira, sentsazio eta sentimenduak adierazteko gai. Fondo neutroak espazio errealengatik ordezkatzen joango dira.

Adibidea

Giottoren freskoak.

Arkitektura Erromanikoa

Ezaugarri Orokorrak

Arkitektura erromanikoan eraikin garrantzitsuenak erlijiosoak dira: elizak eta monasterioak.

Eliza

Ohikoena gurutze latinodun oinplanodun eliza da, nabe bat edo gehiagorekin. Transeptuak gurutzatzen du eraikina. Eraikinak nabe bat baino gehiago baditu, alboko nabeak burualdetik jarraitzen dute girola sortuz. Burualde edo absidean, girolan eta transeptuan ere, kaperak edo absidioloak egon daitezke. Euskarriak gurutze formako pilareak edota zutabeak eta hormak dira. Estalkiak: kanoi ganga erdiko nabearentzat, eta ertz ganga alboko nabeentzako. Alboko nabeen gainean, tribuna. Gurutzaduran, zinborrio gaineko kupula egoten da, eta horren azpian, kripta. Eliza eta katedral askok dorreak edukitzen dituzte. Batzuetan, dorreak egoten dira transeptuan (Cluny), burualdean (Worms), edo elizatik bereizita ere (Italia). Eliza erromanikoek erlijiotasunak sortutako esanahi sinboliko sakona zuten. Horrela, gurutze formako oinplanoa Kristo gurutzatuaren alegoria zen.

Monasterioa

Erromanikoak artearen historiari egindako ekarpen garrantzitsuenak dira. Hiriguneetatik aldendurik ezartzen ziren. Monasterio bakoitza lursail handien jabe zen, eta nekazal ustiapen gune oso garrantzitsuak sortzen zituzten. Honetaz gain, monasterioak ostatu, ospitale, ikerketa eta kultur zentroak ere bihurtu ziren, liburu garrantzitsuenak kopiatu eta liburutegietan gordetzen zituztelako. Adibidez, Silos-eko monasterioa. Monasterioek beti hurrengo antolaketa izaten zuten: eliza, honen albo batean, klaustroa edo aisialdirako esparrua, inguruan kapitulu gela batzarretarako, errefektorioa edo jangela, scriptorium-a edo kodizeak kopiatzen ziren tokia eta liburutegia egoten ziren, sukalde, biltegi, logela eta bestelako egoitzekin batera.

Elementu Arkitektonikoak

Oinplanoa

Gurutze latino formako oinplanoarekin batera, batzuetan oinplano basalikak (Erromako Letran-eko Joan Deuna) eta oinplano zentralak ere agertzen dira. Azken hauen adibide dira Nafarroako Eunateko eta Torres del Rioko elizak eta Segoviako Veracruz-ekoa. Guztiek dute Jerusalemgo Hilobi Santuaren eta tenplarioen ordenaren eragina.

Euskarriak

  • Hormak: Oso sendoak, harlandua zein landu gabea erabiliz. Bao gutxidunak, gainera kanpoaldean kontrahormak erabiltzen ditu.
  • Zutabeak: Era askotakoak izan daitezke: korintiarraren imitazioa, historiatua, apaindura geometrikoak edo landare itxurakoak dituena.
  • Pilareak: Pilare arrunta konplikatzen da eta gurutze formako pilarea (arku formeru eta faxoiak edo parpain arkuak hartzen dituena) bihurtzen da.

Estalkiak

  • Arkuak: Erdi puntuko arkua da erromanikoan erabiltzen den arkua. Kokapenaren arabera, arku formeru edo faxoia izan daiteke. Baoetan, arkibolten bidez sakontasun handia ematen da.
  • Gangak eta kupulak: Erdiko nabean, kanoi ganga arku faxoiekin edo parpain arkuekin indartua erabiltzen da. Alboko nabeetan, ertz gangak erabiltzen dira. Gurutzaduran, kupula erabili daiteke, eta absideetan, esferaren laurdena itxurako kupula.

Eskultura Erromanikoa

Motak

Erliebe Arkitektonikoa

Eraikinetako sarreretan, kapiteletan eta erlaitzetan kokatzen delako deitzen da horrela. Tinpanoetan agertzen diren gaiak errepikatzen dira: Azken Judizioa, non jainkoa zeru lurretako epaile moduan agertzen den; Pantokratorra edo Ahalguztiduna: Jainkoa bere tronuan ezarrita dago, esku batekin bedeinkatzen eta beste eskua liburu santuaren gainean. Kapiteletan eta erlaitzetan, Bibliako pasarteak, bekatuak eta deabruaren irudiak agertuko dira.

Bulto Borobileko Eskulturak

Urriak dira eta beti honako hauek errepikatzen dira: Maiestas Mariae delakoa, non Ama Birjina Jesus umearen ezarlekua den. Biak koroarekin jantzita daude, haien maiestatearen adierazle. Ez dute inolako sentimendurik ez eta haien arteko harremanik adierazten: Jesus da Jainkoa bera. Kristo Gurutzean: Lau iltzeduna. Ez du inolako sufrimendurik adierazten, koroatua dago errege den moduan, eta jantzita agertuko da tunikarekin.

Estetika

Eskultura erromanikoaren ezaugarri nagusiena naturaltasun falta da. Naturaltasun falta hori adierazkortasunarekin ordezkatzen da, irudiak deformatu egiten dira begiak eta buruak handituz. Eskultura erromanikoak bi lege jarraitzen ditu: izu-hutsaren legea eta markoarekiko menpekotasunaren legea. Lehenengoaren arabera, ikusleak espazio guztia eskulturaz beteta aurkituko du. Bigarrenaren arabera, eskulturak eraikin arkitektonikoaren elementu desberdinen menpe egongo dira.

Funtzioa

Eskultura erromanikoaren funtzioa erlijiosoa eta didaktikoa da. Edertasuna ez da helburu nagusiena, baizik eta alfabetatu gabeak ziren ikusleek mezu erlijiosoa bereganatzea.

Pintura Erromanikoa

Teknika

Horma gainean egindako freskoak ziren garrantzitsuenak. Ohol gainean tenplearen teknika erabiliz egindako lanak urriak dira.

Gaiak (Ikonografia)

Bizantziar artearen eragina. Hiru gai daude:

  • Manifestatio: Jesukristo edo Andre Mariaren jainkotasuna eta boterea adierazi nahi ditu. Absidean jartzen dira.
  • Testificatio: Aurreko irudiaren azpian jartzen diren apostuluak dira.
  • Narratio: Kristoren bizitzako pasarteak dira azken maila honetan agertzen direnak, jainkotasunaren boterearen adibide.

Estetika

Eskulturak dituen ezaugarriei, naturaltasun falta bezalakoei, pinturaren bereizgarriak diren batzuk, lerroaren nagusitasuna bezalakoak, batzen zaizkio. Kolore lauak dira, ingeradaz lodiz bereizi ondoren, beirate bat balitz bezala kolorez betetzen diren marrazkiak adierazten dituztela. Ez dago argi efekturik, ez eta bolumenik edo perspektibarik (perspektiba hierarkikoa erabiltzen da).

Entradas relacionadas: