Lazarraga eta Etxepare: Euskal Literaturaren Aitzindariak
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,06 KB
Joan Lazarragaren Eskuizkribua
2004an aurkitutako Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua euskal testuen tradizioan aspaldi izandako aurkikuntzarik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe.
Obraren Ezaugarriak
Tamaina: Kontuan harturik XVI. mendeko gure literatura idatzia, ezagutzen dugun neurrian, Etxeparek egindako olerkiak eta Leizarragaren itzulpenak direla, Lazarragaren eskuizkribu honek garrantzi handia hartzen du. Izan ere, garai horretan euskaraz idatzitako literatura originalaren erdia izateraino iristen da, 102 orrialde ditu eta.
Amodioa eta maiteminduen arteko gorabeherak dira gai nagusia. Poesiak betetzen ditu lanaren bi herenak, eta gainerakoa, garai hartan inguruko hizkuntzetan ohiko zirenen erako artzain eleberria da: artzain, sirena, zaldun eta bestelako pertsonaiez osatutako abenturazko prosa-lana. Garai hartan arrakasta zuen generoa da. Adibidez, Espainian, Jorge Montemayorrek eta Garcilaso de la Vegak ere landu zuten arlo hau. Imitatzaile ugari izan zituzten autore horiek, eta horien artean dago Lazarraga ere.
Lazarragaren eskuizkribua: grafiak, hotsak eta hitzak
Forma: Prosa eta poesia batera datoz obra honetan. Estilo tradizionaleko lirika gortesaua da Lazarragaren lanean ageri dena. XV. mendeko abesti lirikoetatik hurbilekoa da. Etxeparek erabilitakoa baino dotoreagoa, gortesau eitekoa (itxurakoa), baina XVII. mendean Oihenartek eskatuko zuen zorroztasun eta zehaztasunik gabea. Bere poesietan nabari denez, Lazarragak ezagutzen omen zituen euskal bertso molde erabilienak. Gaztelaniazko zatiak ere baditu, baina, gehienbat euskaraz idatzia da. Prosazko zatiak hartzen du, bereziki, gure arreta. Badirudi, Lazarragaren garaian, ohikoa zela horrelako lanak, argitaratu gabe, artxiboetan eta liburutegi pertsonaletan gordetzea.
Euskalkia: Badirudi Lazarragaren eskuizkribu hau Arabako ipar-ekialdeko euskalkian idatzia dela. Koldo Mitxelenak hegoaldekoa deitu zion. Baditu bizkaieraren aztarnak, eta euskalki horrekin kidetasun handia du, baina Gipuzkoako eta Nafarroako Sakanako euskararen aztarnarik ere ez du falta. Aurrerago Joanes Leizarragaren itzulpenetan ikusiko ditugun antzeko euskara arkaikoaren arrastoak ere erraz antzeman daitezke:
- Aditzean:
- Aditz laguntzailearen forma zaharrak: zidin (zen), zitezen (ziren), zirean...
- Subjuntiboaren erabilera bitxia: legion (ziezaion)
- Aditz trinkoak sarritan darabiltza: dakusun (ikusten duzun), on dereitzut (irizten dizut, deritzot)
- Deklinabidean:
- Nondik deklinabide-kasu arkaikoa: kamarerean (kameratik)
- Sintaxian:
- Latinetik hartutako egiturak: zeintzuk, zeinari, zeinak...(Doristeok ekusirik zala inposible Sirena bereganik apartaetea, asi zan bere bidea arzaite, zeinak bere begiak negaretan eukala asi zan berbaoek esaten)
Lazarragaren Bizitza
Arabako Larreako dorreko jauna izan zen, eta “poeta” izengoitiarekin ezagutu da. Lazarragatarren leinukoa zen, hots, arabar noblezia txikiko familia ezagunekoa. Gebaratarren itzalean garatu zen familia, eta, Oñatiko jatorrizko oinetxetik abiatuta, erroak ondo finkatuak zituen Arabako ekialdeko lautadan 1439.az geroztik.
Gurasoak, Pedro Perez Lazarraga eta Elena Saez Erdoña, 1546.eko urriaren 7an ezkondu ziren, eta aitaren bigarren ezkontzako bidezko bost seme-alabetatik lehenengoa Joan izan zen. Gervasio Di Cesare ikertzaileak bildu dituen datuen arabera, 1547.aren bukaeran edo 1548.aren hasieran jaio bide zen, ziur aski Erdoñan. Lehen haurtzaroa Ozetan egin zuen, eta gurasoak 1562 inguruan aldatu ziren Erdoñara. 1567.ean Madrilen zegoela dirudi.
Katalina Gonzalez Langarikarekin ezkondu zen, 1575.ean, Arriolan. Katalinaren izeba (Ana Gonzalez Langarika) hain zuzen idazlearen izen bereko osabarekin ezkondua zen, baina seme-alabarik gabe, eta, dirudienez, horien ondoretzari bidea emateko atondu zen loben arteko ezkontza. Ziur aski orduan hartu zuen idazleak Larreako dorrearen ondoretza, eta 1576an aldatu zen hara.
Bi seme-alaba izan zituzten, Agustin eta Maria; semea izan zen Larreako dorreko hurrengo jauna, eta alaba Juan Belasko Galarretarekin ezkondu zen.
Joan Perez Lazarragak kargu publikoak izan zituen bere eskualdean: Erdoñako elizako maiordomoa (1572), Barrundiako Ermandadeko alkatea eta Barrundiako prokuradorea Arabako Batzar Nagusietan (1581-1584). Batzar Nagusietako akta batean (1583-11-19ko akta) aipatzen da hain zuzen Valladolidera joana dela “a sus negocios”, eta, han dagoela aprobetxaturik, probintziaren izenean izapide batzuk egiteko eskatzen zaio.
1605.eko apirilaren 11n eman zuen testamentua (berriki Gervasio Di Cesarek argitaratua), gaixorik zela, eta biharamunean hil zen.
Bernart Etxepare
Obra: Linguae Vasconum Primitiae
Linguae Vasconum Primitiae izenburuak berak adierazten du: "Euskaldunen hizkuntzaren hasikinak (lehen fruituak)". 1545ean argitaratu zen Bordelen. Lau zati bereiz daitezke, sarreraz gain:
- Erlijio-gaiak
- Amodio-gaiak
- Bere buruari jarriak
- Euskararen goresmenezko bi kantu: Kontrapas eta Sautrela
Kritika
Herri-olerkaria da Etxepare. Horrekin, herritar arruntarentzat idazten duela esan nahi dugu. Irakurtzen ere ez zekiten herritarrek kantatzeko moduko olerkiak paratu zituen, doinu ezaguneko neurrian kantatzeko, hain zuzen. Maitasun-gaiak naturaltasun osoz erabiltzen ditu, gaztelaniazko literaturan Alfontso X.aren Cantigas izeneko obratik hasita, Juan Ruiz Hitako artzapezaren El libro de Buen Amor garaiko obrak arte antzeman daitekeen naturaltasun berarekin. Izan ere, Europan Erdi Aroan zabaldu zen lirika gortesau idealistatik urruti dago Etxepareren lirika profanoa; maitasun-harremanen plazerak, naturaltasun osoz, platonismo-arrastorik gabe, azaltzen ditu.
Garai batean gutxietsia izan da Etxeparek egindako lana, zenbait arrazoi tarteko:
- Amodio-gaiak erabiltzeko freskotasun edo naturaltasun hori; hain zuzen, onartezina bihurtu zen Trentoko Kontzilioaren ondoren.
- Etxeparek aukeratutako bide herrikoiak neurri eta errimetan akatsak zeuzkan Errenazimenduko haize berriek eskatzen zuten poetika berriaren ikuspegirako. Oihenarten kritika da horren lekuko.
Etxepareren Bizitza
Tradizioak, urte luzez iraun baina zehatz dokumentaturik ez den tradizioak, idazlea Sarrasketan jaio zela adierazten badu ere, olerkariak Garazi goraipatzen du idazkietan:
“O heufcara lauda ezac garacico herria
Ceren hantic vqhen baytuc beharduyan thornuya” (Sautrela, 2-3)
Donibane Garazitik hurbil dagoen Eiheralarre herritxoko erretore izan zen, eta, badirudi arrazoi politikoak direla eta, espetxean ere egon zela.
Nafarroa Behereko Garaziko eskualdekoa zen. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken aldean (1480 inguruan), Nafarroako erresuma oraindik independentea zenean, eta bizitza gehiena ere Garazi aldean eman zuen, Eiheralarreko erretore eta Donibane Garaziko bikario izan baitzen. Nafarroako Erresuman 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea egokitu zitzaion. Agiriak badira frogatzen dutenak 1516an, Henrike II.a Nafarroakoak, Fernando II.a Aragoikoa erregearen kontra, Donibane setiatu zuenean Etxepare han zela. Poema batean azaltzen duenez, preso egon zen Biarnon Nafarroako erregearen mende, segur aski Gaztelako erregearen alde egin zuelako. Atxilotzearen arrazoiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten. Beste batzuek, ordea, arrazoi politikoak bainoago, moralak izango zirela uste dute.