Lehen Mundu Gerra: Fronteak, Krisia eta Amaiera
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB
Lehen Mundu Gerraren Garapena
Ekialdeko Frontea Hasieran
Ekialdeko frontean, Alemaniak Errusia gutxietsi zuen eta, ondorioz, Errusiak konkistak egin zituen hasieran alemaniar lurraldeetan. Hala ere, Alemaniak berehala eman zion buelta egoerari, Hindenburg jenerala buru zuela. Horren erakusgarri da Tannenbergeko guduan lortutako garaipena. Hein handi batean, mendebaldeko frontetik ekarritako errefortzuak izan ziren joera aldaketa horren eragileak.
Posizioen Gerra edo Lubakietako Gerra (1915-1916)
Fase honetan, fronteak egonkortu egin ziren eta lubakiak erabiltzen hasi ziren defentsa lanetarako. 1915-1916 artean eman zen fase hau, Posizioen Gerra edo Lubakietako Gerra izenez ezaguna.
Lubakietako baldintzak oso txarrak ziren, eta horrek soldaduak ikaragarri ahuldu zituen. Garai honetan, gerra defentsa-lana izan zen nagusiki, eraso-lana baino gehiago, eta bi bandoak parekatuta zeuden. Hala ere, eraso garrantzitsu batzuk egon ziren:
- Verdunen: Alemaniak Frantzia eraso zuen.
- Sommen: Ententeak eraso zuen.
Blokeoa hautsi nahian, fronte berriak ireki ziren Mediterraneoan eta Ipar Itsasoan.
1917ko Krisia: Gerraren Norabide Aldaketa
Herrialde gehienek, urte honetarako, hornidura arazo larriak zituzten, eta gerraren aurkako iritziak ugaritzen hasi ziren. Dena den, ondorengo bi gertakariek eman zioten egoerari buelta:
- Fronte errusiarraren gainbehera: 1917ko iraultzetan boltxebikeek boterea lortu zuten eta, agindu bezala, gerratik irten ziren. Armistizioa sinatu zuten Alemaniarekin, eta 1918an Brest-Litovskeko bake-hitzarmena sinatu zuten. Errusiak hainbat lurralde galdu zituen. Horrela, ekialdeko frontea deseginda geratu zen, Potentzia Zentralentzat onuragarria izan zitekeena.
- AEBak gerran sartzea: Alemaniak itsaspeko gerra totala deklaratuta zuen. Erasoetako batean estatubatuar herritar batzuk hil ziren, eta orduan AEBek gerra deklaratu zioten Alemaniari.
Gerraren Amaiera (1918)
Bi bandoak lur jota zeuden ekonomikoki eta militarki, baina egoera bereziki larrian zeuden Potentzia Zentralak (Austria-Hungaria, Alemania, etab.).
Ententea, ordea, indartsuago zegoen estatubatuarren iritsierarekin, eta Alemaniak mendebaldean egindako azken erasoaldia geratzea lortu zuten. Azaroaren 8an, Berlinen Gilen II.a enperadorearen aurkako matxinada hasi zen, eta enperadoreak abdikatu egin behar izan zuen. Gobernu berriaren lehen lana azaroaren 11n bertan armistizioa sinatzea izan zen.
Austria-Hungaria ere azaroaren erdialdean errenditu zen; Bulgariak eta Turkiak irailean egin zuten bezala.