Mapa Mentalak: Definizioa, Osagaiak eta Garapen Mailak

Clasificado en Ciencias sociales

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,1 KB

Mapa Mentalak Aztertzen: Definizioa, Osagaiak eta Garapen Mailak

Komenta ezazu mapa mental hau. (edozein) Pausu hauek jarraitu: definizioa, osagaiak, garapen maila ..., dena arrazoitu.

Definizioa

Mapa mentala inguru zehatz baten errepresentazioa da (etxea, auzoa, herria, ...), esperientziaren bidez garatzen joaten garena eta desberdina dena pertsona batetik bestera, norbera inguru horren zati delako eta ez kanpoan gelditzen den ikusle soila.

Mapa Mentalen Osagaiak

Oinarrizko hiru elementu aurkitu dituzte:

Mugarriak

Mapa mentalen oinarria dira. Ingurunean nabarmentzen diren gauza edo toki garrantzitsuak dira, erreferentzia bezala hartzen diren guneak. Eliza, etxe handi bat, parkea,... Ikusmenez antzematen dira, eta abiapuntu edo helmuga bezala hartzen ditugu gure mugimenduetan; esan genezake gure lekualdaketak antolatzen dituzten erreferentzi puntuak direla. Pertsona edo talde bakoitzarentzat desberdinak izan daitezke, adibidez haurrenak ez dute zerikusirik izango helduenekin: gozodendak, jolastokiak,...

Bideak

Mugarriak nahitaezko elementuak dira mapa mentala osatzeko baina batetik bestera joaten jakin behar dugu. Batetik bestera joateko modua bidea da. Edozein pertsonak bidea daukala esan genezake, mugarri batetik abiatuz zein bestetik, eta zein ordenatan aurkituko dituen badaki, azkeneko mugarri edo bere ibilbidearen helmugara iritsi arte.

Konfigurazioak (Irudiak)

Mugarriak eta bideak ez dira nahikoak benetako mapa osatzeko. Bide desberdinak lotzen ez badakigu ez dugu espazioaren benetako ezaguera, loturarik gabeko espazio batean ezin gara behar bezala mugitu; baina bideen arteko loturak egiten baldin badakigu, orduan irudi edo konfigurazioa izango genuke.

Garapen Mailak

Ingurunera moldatzeko hain garrantzitsua den estruktura espaziala ez dator gurekin jaiotzaz, pixkanaka garatzen joaten da. 3 garai edo etapa zehaztu dituzte:

Sistema Egozentrikoa

Orientazio geografikoa, garapen osoa bezalaxe, norberaren jardueran oinarritzen da: egozentrikoa da. Haurra bere gorputzetik abiatzen da orientatzen hasteko, horregatik deitzen da sistema egozentrikoa. Egozentrismoa gainditze prozesua 2 urtetik aurrera hasten da eta urteetan zehar luzatuko da: bere gorputza abiapuntu bezala hartzetik, etxea oinarri bezala hartzera, eta beste elementu ezagun batzuk adieraztera pasako da, nahiz eta beren arteko lotura handirik gabe izan. Haur hezkuntzako ikasleak lehenengo garai edo etapa egozentriko honetatik ez dira pasa oraindik. Egozentrismoa sos nabarmena da: haurrak bere etxetik oso gertuko leku eta bideak irudikatuko ditu, oso leku ezagunak, egunero erabiltzen dituenak. Mapa hauek haurraren esperientziari lotuta daude.

Partzialki Koordinatutako Sistema

Bigarren fase honetan beste mugarri batzuk eta hauen arteko erlazioak edo bideak agertzen hasiko dira; elementu bakoitza eta haurraren arteko lotura ez da beti beharrezkoa, haurra bere egozentrismoa gainditzen ari baita.

Sistema Koordinatua

Garai honetan espazioa konfigurazioen bidez adierazteko gauza da pertsona. Honelako errepresentazio batek inguruko elementuak behar bezala kokatuko ditu eta elkarren arteko loturak adieraziko ditu. Etapa honetako errepresentazioa norantza orientazioa, distantziak zehazten saiatzen dira. Sistema honen barrenean espazioa errepresentatzeko gauza izateak, abstrakzio maila nahiko altua lortu dela esan nahi du. Abiapuntua ez da norberaren etxea, espazioaren ulermen objektiboa baizik.

Mapa Mentaletan Eragina Duten Aldagaiak

Mapa mentalak eraikuntza subjektiboak dira, norberak espazio ezagun horiekin duten harreman adierazten dutena. Espazioaren inguruan ditugun bizipenak desberdinak dira pertsona batengandik besteengana, horregatik garrantzitsua izan daiteke, bakoitzaren mapa mentalaren eraikuntzan eragina izan dezaketen faktoreak azaltzea:

  • Ingurua ezagutzea: ez du esan nahi bertan bizitzea edo denbora asko eramatea, espazio horretan jardutea baizik, ibiltzea, esperientzia espaziala izatea.
  • Garraio bidea: badirudi oinez ibiltzen diren haurren esperientzia espazial aberatsagoa dela autoz ibiltzen direnena baino.
  • Nekazal giroa eta hiritar giroa: herri txikietako umeak gehiago eta espazio zabalagoetan ibiltzen dira hirietakoak baino, horregatik beren oharmen eta errepresentazio espaziala maila aberatsagoa izaten da.
  • Sexua: Mutilak hobeto moldatzen dira espazioan neskak baino, baina dirudienez, desberdintasun hau sexuari baino gehiago arau kulturalei zor zaie: gurasoek askatasun gutxiago ematen diete neskei mutilei baino, eta hauek esperientzia aberatsagoa izaten dute.
  • Gizarte maila: Nahiz eta eztabaidagarria izan, zenbaitek honelako erlazioak ikusi ditu: beheko gizarte mailetan, askatasun gehiago izaten dute, beraz espazioaren ezaguera hobeagoa; gizarte maila altuetan, umeak babestuagoak izaten dituzte, esperientzia espazial urriagoak izaten dituztelarik; gizarte maila ertainetan ingurunearen ezaguera bultzatu egiten da.
  • Inguruarekiko sentimendua: haurren esperientzia handiagoa izango da gehiago gustatzen zaizkien tokietan eta txikiagoa gustatzen ez zaizkienetan, beldurra ematen dietenetan, edo arriskutsuak direnetan.

G.L: Zertarako eta noiz, nola, erabiliko zenituzke mapa mentalak lehen hezkuntzako eskolan?

Plano eta mapak landu aurretik ikasleak mapa mentalak egitera ohitu behar ditugu, aldaketaz jabetu daitezen. Helburu desberdinetarako erabil daitezke. L.H-ri begira hauek azpimarratu daitezke:

  • Irakaslearentzat espazio ezagun baten ulermen eta errepresentazio mailarako tresna dira.
  • Mapa mentala zenbait kontzeptu espazial lantzeko sarrera bat izan daiteke; norabideak, orientazioa, eskala,…
  • Ikasleak errepresentazioaren zehaztasun beharraz ohartzeko tresna. Ikasleak ohartzen joango dira hizkuntza sinbolikoa zein garrantzitsua den.
  • Aho hizkuntza lantzeko tresna garrantzitsua izan daiteke. Ikasleari mapan agertzen denaren hitzezko azalpena eska diezaiokegu. Horrela gelakoek ea mapa ikusi gabe tokiaren deskribapenaz tokia ezagutzen duten.
  • Ikasleak lekuei buruz duten oharmenaren adierazle izan daiteke; agertutako mugarriak, beren jarduera espazial maila,…
  • Mapen bidez inguruaren sentimen oharmena landu daiteke; kolore, usaimen, ohiu,…eta behaketaz inguruaz duten oharmena lantzen joango dira.
  • Marrazki bidez espazioa adierazteko zailtasuna duten ikasleentzat egokia izan daiteke eraikuntza materialez espazio erreal edo maketak egitea.

Ondorioz ikasleek espazioari buruz ordurarte ez eginiko gogoeta egin beharko dute euren ezaguera sakonduz.

Mapa Mentalen Azterketa, Ariketak edo Aurkezpena Egiteko Ariketen Proposamena:

  • Norberaren herri edo auzoko mapa mentala egitea.
  • Herri/hiri batean eskatutako ibilbide baten azalpena besteei egitea.
  • Herri/hiri bateko puntu zehatz batzuk emanik, herri horren mapa mentala egitea.
  • Herri/hiri batean eskatutako ibilbide baten azalpena besteei egitea.

Entradas relacionadas: