Sakramentuak: Eliza Katolikoaren 7 Sakramentu Nagusiak
Clasificado en Religión
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,11 KB
Sakramentuak
Jaungoikoaren ekintza adierazten duten zeinu edo sinboloak dira, hitz berezien laguntzaz.
1. Bataioa
Umea edo heldua uretan murgiltzen da, edo berari ura botatzen zaio kopetara, bataioko pontean. Sinboloak hauek dira: ura, krisma edo olio santua, kandela, zapi zuria. Jaiotza berria adierazten du: Jainkoaren seme-alaba bilakatzen gara, Eliza edo Jesusen jarraitzaileen taldeko kide. Bataioan oinarrizko pekatua eta bizitzako pekatu guztiak barkatzen dira. Jaungoikoarengandik fedea eta Espiritu Santua jasotzen da. Bataioa apaizak ematen du normalean, baina edozein kristau helduk eman dezake larrialdi baten. Bizitzan behin bakarrik jasotzen da.
2. Sendotza
Kristauak, nerabezaro edo gaztaroan, Espiritu Santuaren indarra jasotzen du, umetan hartu zuen bataioari jakinaren gainean baietz esanez. Jesusen testigu edo lekuko bihurtzen da. Sendotza gotzainak ematen du, ez apaiz normalek. Espiritu Santuari otoitz berezia egiten zaio.
3. Eukaristia edo Jaunartzea
Jesukristoren Pazkoa (Azken Afaria, gurutzeko heriotza eta betiko bizirako piztuera) gogoratzen da. Mezetan, ogia eta ardoa Jesusen Gorputza eta Odola bihurtzen dira, eta guretzat janari eta edari ematen dira. Mezetan Jainkoaren Hitza entzuten da. Apaizak zuzentzen du meza, eta kristau komunitate osoak hartzen du parte otoitzean.
4. Barkamena edo Adiskidetzea
Jaungoikoak ematen digun barkamena ospatzen da sakramentu honetan. Sarritan ospa daiteke. Apaizarengana hurbilduz ospatzen da, nork bere pekatuen barkamena eskatuz. Gaizki egindakoen damua, hobetzeko asmoa eta bekatuak aitortzea beharrezkoak dira. Apaizak gurutzearen zeinua egin eta eskuak jartzen ditu bekatariaren buru gainean.
5. Gaixoen Oliadura
Gaixoa bedeinkatutako olioz igurzten da, kopetan, bularrean eta esku-oinetan, gurutzearen seinalea eginez. Sakramentu honetan, gaixoaren osasuna edo gaixotasunari aurre egiteko indarra eskatzen da, eta pekatuen barkamena ematen da.
6. Ordena edo Apaizgintza
Gotzainak zuzentzen du apaizgintza. Honen bitartez, kristau batzuk komunitatea gidatzeko eta sakramentuak zuzentzeko ahalmena jasotzen dute. Hiru maila daude Ordena sakramentuan:
- Diakonoak ebanjelioa azaldu eta pobreen ardura hartu behar du.
- Apaiz edo presbiteroak meza eman, barkamena eman, bataioa, oliadura eta ezkontza sakramentuak zuzentzen ditu (ez sendotza eta ordena).
- Gotzainak sakramentu guztiak eman ditzake. Apostoluen jarraipenean, elizbarruti bat zuzentzen du (Gipuzkoa osoa, adibidez).
7. Ezkontza
Gizonaren eta emakumearen arteko maitasuna, elkarrekin bizitzeko eta familia bat sortzeko asmoa ospatzen da. Ministroak edo protagonistak senar-emazteak dira. Apaiza eliza edo komunitatearen testigua soilik da. Ezkontzan, senar-emazteak elkar onartzen dute, Jainkoaren aurrean. Sakramentu honek senar-emazteei laguntza ematen die, elkarrekin zintzo jokatu eta zoriontsuak izateko. Berez, kristau ezkontza ezin da banandu. Garrantzitsuena elkarri emandako baietza edo onarpena da. Sinbolo argiena eraztuna da. Jaungoikoak gizadi osoari dion maitasunaren adierazpena da sakramentu hau.