San Agustinen Biografia: Bizitza, Lanak eta Filosofia
Clasificado en Religión
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,74 KB
1. San Agustinen Biografia
Aurelio Agustinen Jatorria eta Lehenengo Urteak
Aurelio Agustin Ipar Afrikako Tagaste hirian jaio zen, antzinako Numidia erromatar probintzian, 354. urtean. Bere aita, Patrizio, paganoa zen; ama, Monika, berriz, kristaua, eta kristautasunean hezi zuen Agustin. Agustinek, hasieran, kristau-doktrina eta praktika baztertu egin zituen, baina geroago berriro besarkatu zuen kristau-fedea.
Ikasketak eta Bilaketa Espirituala
Agustin, lehenengo ikasketak Tagasten egin ondoren, gramatika eta latin klasikoak ikastera Madaurara joan zen 365ean. Ondoren, Tagasten urtebete egin eta gero, Kartagora aldatu zen 370ean erretorika ikastera. Bertan, Zizeronen Hortensius lana irakurri, eta, arazo filosofiko-teologikoez kezkaturik, bere bilaketa espiritualari eman zion hasiera. Lehendabizi jarrera arrazionalistak hartu zituen, eta, ondoren, manikeo bihurtu zen.
Erroma, Eszeptizismoa eta Milan
383an, Erromara joan zen, eta beste erretorika-eskola bat ireki zuen. Egia aurkitzeko itxaropena galdu zuenean, eszeptizismoarekin topo egin zuen.
Erromatik Milanera aldatu zen 384an, eta aurretik Hiri Santuan plazerez betetako bizitza izan bazuen, orduan ere bide beretik jarraitu zuen.
Konbertsioa eta Bizitza Erlijiosoa
Agustinen behin betiko aldakuntzan, eragin sakona eta handia izan zuen gertaera bat adieraziko dugu ondoren. Milanen, oihan txiki batean lagun batzuekin atseden hartzen ari zela, hauxe zioen mintzoa entzun zuen: "Tolle et lege" (Hartu eta irakurri). Agustin, erabat harrituta, arineketan joan zen bere lagun Alipioren bila, eta hura San Pauloren gutunak irakurtzen aurkitu zuen. Agustinek barneko dei indartsu bat sentitu zuen, komunitate erlijioso batean bizitzeko deia, hain zuzen.
Apaizgoa, Idazlanak eta Heriotza
386ko ikasturtea amaitzean, irakaskuntza eta berekin bizi zen emakumea utzi, eta ama, Monika, bere seme Adeodato eta lagun batzuekin Kasiziakora bakartu zen, bataioa prestatzeko asmoz. Erromara itzuli zen denbora labur batez, eta 388tik 391ra Kartagon izan zen, monasterio batean. 391an, apaiz egin zen Hiponan, eta zenbait lan ere idatzi zituen; besteak beste, manikeoen eta donatisten aurka, Bibliako sorrera liburuari eta San Pauloren Gutunei buruzko zenbait iruzkin. 396an Hiponako apezpiku izendatu zuten.
Azken Urteak eta Ondarea
Agustin 430ean hil zen, bandaloek Hiponako hiria setiatu zuten garaian, eta, Erroma jadanik erorita, Erromatar Inperioa behin betiko suntsitzen ari zenean. Gizadiko filosofo handienetarikoa den San Agustinek izaera eta espiritu guztiz sutsuak izan zituela ere gehi genezake. Ingurune soziopolitikoak eta kulturalak eragin handia izan zuten Agustinengan.